XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Elizanburu'k ere maite zuan bere etxea.

Neurtitz egokiak, xamurrak, egiazkoak, biguñak eta aukerazkoak zuzendu zizkion bere etxeari.

¿Nork ez dakizki buruz neurtitz aiek?¿Nork ez ditu bein baño geiagotan erestu?¿Nor ez da neurtitz aiezaz oroitu etxetik urruti gogoa etxe aldera biurtzean?¡Etxea! Izen dontsu-dontsu ta gozoa.

Etxean gordetzen dira gogapen xamurrenak; etxean agertzen gere geran bezelakoak, arrotz-azalik gabe.

Etxetik urruti beste batzuek, bezela gera; ez gera gu gure izenean gabiltzanak.

Ala uste zuen beintzat Elizanburu'k eta ala zion berak, bere buruagatik:
Etxetik kanpo zait iduritzen
Nonbait naizela galdua.

¿Zer zuan, ba, Elizanburu'ren etxeak ainbeste maite izateko?¿Zer? Lau aitz aundi inguruan, iturritxo bat aldamenean, baratz loreduna gertu ta txakur txiki, bat atean,¿Gutxi al da? Bazuan geiago ere.

Bi idi aundi mendian, bildotxak, beiak, auntzak, ardiak... Etxe ura ordea, bere-berea zuan, bere sorlekua, aiten-aitak autatua.

Bazuan andrea, bazuan semea, alaba ere bazuan etxean.

¿Zer geiago bear zuan bada Elizanburu'k bere etxea berea, aiten aitak autatua maite izateko?.

Gure jaioterria ere maitedegu euskaldunak; urrutiratu ezkero beti gogoan ditugu gure erriko eliza, kale, bide, ibai ta gauza guztiak.

Noizbait norbaitek gure erriagatik gauza txarren bat esaten badigu biotzean min artzen degu.

¿Erri txikia dala?¿Zatarra dala?¿Eliza zarra ta etxe beltzak dituala?¿Bide estuak dirala angoak?¿Ta zer, ala ere, gure erria bada?¿Ez aldakigu ba, nolako poza ematen duan gure erri txiki, zatar, beltza ikusteak? Zoaz, zoaz urte batzuetarako urruti, ta atoz gero; ikusiko dezu biotzak zer esaten dizun.

Elizanburu ibilli zan erritik urruti, ta biurtzean, ona zer zion bere biotz ibilokiari:
¿Zer duk ere bihotza, saltoka barnean?
¿Ote duk uts eginen errira eltzean?.

Euskaldunak maite du bere erria, maite du bere etxea, beste alde batzuetara ere zuzentzen du ordea maitetasuna.

Baita Elizanburu'k ere.

Elizanburu'k maite izan zuan Aingeru bat bere neurtitzak diotenez.

Baña aingeru ura, etzuan gizonak maite izaten duten bezela maite izan.

Aingeru ura garbi-garbia zan, zerutik eroria; lurreko lokatz-zipriztiñak zikindu ez zezaten, zerura begira bizi zedilla eskatzen zion Elizanburu'k.